Anoetako herritarren jakituria areagotzeko aukerak ez ziren 2011n amaitu. Urte berria, arlo horretan, indartsu hasi dute, eta udalaren laguntzarekin hiru ekimenetan parte hartzeko aukera dute ondorengo egunetan. Gaiak ondorengoa dira: Dantza-soka, margoketa dekoratiboa eta Qi-Gongo eta automasajea. Entsagua, ikastaroa eta tailerrak geldirik egoteko aitzakia guztiak uxatu dizkie anoetarrei.
Otsailaren 11n, larunbata, Anoetan Dantza-Soka Eguna ospatuko dute. Axeri dantza eta fandango nahiz arin-arina lantzeko, entseguak antolatu dituzte bihar eta hilaren 27an. Bi ostiral hauetan 19:30ean elkartuko dira frontoian. Entsegu orokorrak, aldiz, otsailaren 3an eta 8an egingo dute frontoian: Lehena 19:30ean, eta bigarrena 19:00etan.
Antolatzaileen esanetan, oso garrantzitsua da entsegu orokorretara azaltzea. Parte hartzeko zerrendak, bestalde, Itzuli tabernan jarri dituzte. Bertan, DBH2tik gorakoek eman dezakete izena.
Margoketa dekoratiboari buruzko ikastaroa Kutxak antolatu du, Hozpel kaleko udal lokaletan. Urte osoan, guztira 48 orduko ikastaroa izango da: otsaila-maiatza eta urria-abendua artean banatuta, eta ostegunetan, 15:15etik 17:15era. Izena emateko epea asteazkenean zabaldu zen, eta hilaren 25a bitarte egongo da irekita. 151 euro ordaindu behar dira matrikula, materiala aparte. Ikastaroan parte hartu nahi duenak www.kutxasocial.com helbidera idatzi behar du, edo 902 54 00 40 telefonora deitu. Ikastaroaren lehen eguna otsailaren 9an izango da.
Qi-Gong tailerra
Automasaje eta Qi-Gong tailerra bereziki pre eta post menopausian dauden emakumeentzat prestatu dute, eta aurkezpen saioa doakoa izango da, hilaren 27an, 18:00etatik 20:00etara kiroldegian. Partaideek hala nahi izanez gero, jarraipena emango zaio inauterien ondoren. Izen ematea udaletxean, liburutegian eta kiroldegian egin daiteke, hilaren 25a arte.
Qi-Gong teknika medikuntza txinatarretik dator, eta 5.000 urte baino gehiago izan arren, udaletik azaldu dutenez, «gaurkotasun handia du, jakinduria handia izateaz gain, bizitzako erritmoa duelako oinarri».
Asiatik datorren teknika hau onuragarria zertarako den galdetuta, emakumeen fisiologia aipatzen da udaletik zabaldu duten informazioan: «Emakumeok fisiologia berezia daukagu, haurrak sortzeko eta zikloetara lotua: haurdunaldiak, hilerokoak, menopausia, eta abar. Hortaz, Qi-Gong lagungarria izan daiteke guretzat honetarako: Alde batetik, emetasuna oinarri hartuz, gure burua hobeto ezagutu, indartu, sendotu, sendatu, berritu eta lasaitzeko, eta bestetik, hezurrak indartzen eta bularreko eta umetokiko gaixotasunei aurre egiten laguntzeko. Osasuna, ongizatea eta bizitza luzeagoa eta lasaiagoa lortuz».
Qi-Gong eta automasaje tailerretan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak Anoetako Udaletik, «anima zaitez zure burua hobeto ezagutzera eta bizitzan sakontzera» lelopean. Horrekin batera, tailerrera arropa erosoarekin joateko gomendioa egin dute, teknika hau arazorik gabe lantzeko.
Larunbat honetan, Zuhaitz Eguna ospatuko dute Iruran. 16:00etan herriko plazan bildu ondoren, zuhaitzak landatzera joango dira. Zuhaitzak landatzen parte hartzen dutenek, askari bat jasoko dute, [...]
Irakurri gehiago






