Alkizako herri ostatua urtarrilaren 9an ireki zuten Oskar Abadek eta Sonia Roscok. Senar-emazte euskaldunak, sukalde lanetarako urrutira joan beharrik ez dute izan, euren bi amen babesa aurkitu baitute. Familia giroan zabaldu dute, beraz, Alkizan une honetan irekita dagoen taberna eta jatetxe bakarra.
Hernaniko bikotea gustura dago Alkizan, eta poliki-poliki joan nahi baldin badute ere, ideia ugari dituzte buruan. Alde batetik, herriari ostatu baten berezko zerbitzua eman nahi diote, eta bestetik, aisialdirako hainbat ekitaldi antolatu nahi dituzte.
Asteko zazpi egunetan zabalduko dute herri ostatua, 08:00etatik itxi arte. Orain 09:00ak inguruan zabaltzen dute, baina Alkizako etxea prest dutenean, ordubete lehenago zabaltzeko asmoa dute. Ehiza garaian, irekiera ordua, 06:00etan jarriko dutela diote, ehiztariek gosaltzeko aukera izan dezaten. Astean zehar, asteko menua egongo da, kafea barne, 9,5 eurotan. Asteburuko menuan, besteak beste, babarrunak eta ukondoa jarri nahi dutela diote. Aurrez ordua hartu nahi duenak, 943 69 18 36 telefono zenbakira deitzea nahikoa izango du. Egunean bertan joaten denarentzat ere, bazkaltzeko edo afaltzeko aukerarik ez da faltako.
Ostatua eta bere jabe berriak ezagutzeko modurik onena, hala ere, udaletxera joatea da. Eraikuntzaren azpian baitago herri ostatua.
Ideia ugari
Alkizako ostatuan zegoen aurreko maizterrak lanpostua uzteko asmoa zuela jakitean, udalak lehiaketara atera zuen herri tabernaren eta jatetxearen kudeaketa. Lanpostuekin batera, egoitza berean dagoen etxebizitzan bizitzeko aukera sartzen zen. Alkizan bizi den lagun baten bitartez jakin zuten lehiaketaren berri Oskar Abadek eta Sonia Roscok: «Zerrendan izena inork ez zuela eman esan zigun, eta guk aurrera egitea erabaki genuen. Lehen ere ostalaritza munduan ibiliak gara, baina beti beste batentzat lanean, eta ez da gauza bera», dio Abadek. Euren aldetik jatetxe bat zabaltzeko saiakerak egin zituztela ere onartzen du hernaniarrak, «baina azkenean aukera honekin topatu ginen, eta udalak eskatzen zuen alokairua merkea zenez, aurrera egitea erabaki genuen».
Zazpi hilabeteko haurdunaldian dagoen Sonia Roscoren esanetan, loteria tokatzea bezala izan da: «Biok langabezian aurkitzen ginen, eta orain, gutxienez bost urterako lana daukagu. Etxebizitza ere hor sartzen da, eta nahiz eta oraindik prest ez dagoen, espero dugu ahalik eta azkarren egotea». Bertan bizitzen jartzeko irrikaz dago bikotea, lanetik etxera eta etxetik lanerako bide horrekin amaitzeko: «Lana amaitzean Hernanira joaten gara orain. Bidean ordubete galtzen dugu gutxienez. Hemen bizitzen jartzen garenean, 08:00etan irekitzeko aukera izango dugu, eta lana amaitu eta ordu erdira ohean egon gaitezke».
Taberna urtarrilaren 9an ireki baldin bazuten ere, jatetxea astelehen honetan zabaldu dute. «Zerotik hastea» tokatu zaiela diote, eta oraindik ez dakite ongi zein harrera izango duen ostatuak. Hala eta guztiz ere, gustura daude orain artekoarekin: «Igandean jende ugari etorri zen hamaiketakoa egitera, eta ez genuen horrenbeste espero. Salda behintzat bazegoen eta moldatu ginela uste dut. Hala eta guztiz ere, hurrengorako hobeto prestatuko gara», dio Roscok.
Zerotik hastea tokatu zaie, eta ideia ugari dituzten arren, inbertsio handiegirik ezin dutela egin argi dute: «Denborarekin apaintze lanetan hasiko gara, baina poliki-poliki».
Egin nahi dituzte gauzen artean, herritarrei zuzendurikoak ere badaude, aisialdiarekin lotuta. Sonia Roscok azaltzen du zeintzuk diren: «Gazteentzat dardo makina jarri nahi dugu ostatuan. Horrela, ostiraletan eta larunbatetan txapelketak egingo genituzke; mus txapelketak ere antolatu nahi ditugu. Helduagoei, berriz, igandetan dantza egiteko aukera eskaini nahiko genieke». Horretako leku aldetik jangela egokia dute, izan ere, bertan 100 lagunentzat bazkaltzeko eta afaltzeko aukera dago.
Herriko jaiekin lotura duen ekimen bat ere martxan jarri nahi dute ostatuko maizter berriek. Roscoren esanetan, musika emanaldiak antolatu nahi dituzte jatetxean: «Hauek etorkizuneko talentuenak izango lirateke, eta bideoz grabatuko genituzke, ondoren sarean zintzilikatzeko. Herritarrek gustuko dutenak jaietan egoteko aukera izango luke. Honen inguruan udalarekin hizketan aritu gara, eta gustuko dutela esan digute. Hala eta guztiz ere, lehen esan bezala, poliki-poliki joan nahiko genuke ideia guzti hauekin».
Larunbat honetan, Zuhaitz Eguna ospatuko dute Iruran. 16:00etan herriko plazan bildu ondoren, zuhaitzak landatzera joango dira. Zuhaitzak landatzen parte hartzen dutenek, askari bat jasoko dute, [...]
Irakurri gehiago






